Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ofizialki izendatu du 2026a Boluntariotzaren eta Garapen Jasangarriaren Nazioarteko Urtea. Ekimen hau une garrantzitsu batean dator, hiru urteurren historikorekin bat eginez: 2001eko Boluntariotzaren Nazioarteko Urtearen 25. urteurrena, Nazio Batuen Boluntarioen (NBB) programaren 55. urteurrena eta Europako Boluntariotza Zerbitzuaren 30 urteak.
Boluntariotza Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) motor gisa
Urte honen helburu nagusia boluntariotza 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko funtsezko motor gisa aitortzea da. Gizaldetik, bereziki nabarmentzen dugu 17. GJHarekin (“Helburuak lortzeko itunak”) duen lotura; izan ere, boluntariotza herritarren parte-hartzea, gizarte-kohesioa eta sektoreen arteko elkarlana sendotzeko ezinbesteko tresna baita.
Boluntario-ekintzaren eragina sakona eta dimentsio anitzekoa da:
- Tokiko ekintza bultzatzen du: Boluntarioak dira komunitateetako osasun, ingurumen eta hezkuntza beharrei erantzuten lehenak.
- Gizarte-ehuna indartzen du: Elkartasuna sustatzen du eta herritarren eta elkarteen arteko lotura sendoagoak sortzen ditu.
- Eraldaketa pertsonala eta kolektiboa: Komunitateak aldatzeaz gain, parte hartzen duten pertsonak ere eraldatzen ditu, besteekin sakon konektatzeko eta ingurua hobetzeko aukera emanez.
Gelditzen ez den mugimendua
Estatuan, elkartasuna hazten ari den indarra da: 4,4 milioi pertsonak egiten dute boluntariotza modu jarraian, hau da, biztanleriaren % 10,5ek. Testuinguru honetan, Euskadi erreferente gisa kokatzen da parte-hartze aktiboan, bere konpromisoa lurraldeko boluntariotza-agentzien sare sendo baten bidez artikulatuz: Gizalde Gipuzkoan, BizkaiaGara Bizkaian eta Batekin Araban.
2025-2028 Boluntariotzaren Euskal Estrategia
Datozen urteetarako funtsezko elementua 2025-2028 Boluntariotzaren Euskal Estrategia da; honek gure elkarte-ekosistema sendotzeko ibilbide-orria zehaztuko du.
Gure konpromisoa Gizalden
Gizalde sortu zenetik, gure gizarteak nola egiten duen aurrera ikusi dugu, askotan isilean eta modu xumean lan egiten duten milaka boluntario eta entitateri esker. 2026a ez da ospatzeko urte bat soilik, lankidetza-moduak birpentsatzeko eta tokian-tokian eragin kolektiboa eraikitzeko gonbidapena baizik. Nazioarteko urte honek herritarrak, erakundeak eta sektore pribatua parte-hartzerako ingurune egokiak ahalbidetuko dituzten politika eta aliantzen alde lan egitera deitzen gaitu. Dakigunez, parte hartzeak eraldatu egiten baitu, eta aldaketa bakoitzarengandik hasten da.
Egin bat boluntariotzarekin eta izan munduak behar duen aldaketaren parte!