(Iturria: Eusko Jaurlaritza).
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2025. urterako oinarriak onartzea eta norgehiagoka bidezko deialdia egitea gizarte-ekimeneko erakundeek esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko dirulaguntzetarako.
Gizarte-ekimeneko erakundeak dira, esku-hartze sozialeko jardueren bidez, zaurgarritasun- edo bazterkeria-egoeran, desberdintasun-egoeran, babesgabetasun-egoeran, desgaitasun-egoeran edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonen, familien, taldeen, kolektiboen edo komunitateen gizarteratzea, garapenerako lankidetza eta haien eskubideak benetan baliatzea sustatzen dutenak.
2.– Esku-hartze sozialeko edo esku-hartze sozialaren eremuko jardueratzat hartzen dira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 4. artikuluan definitutako jarduerak.
3.– Kanpoan geratuko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak:
a) Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako sentsibilizazioa eta prebentzioa, badaudelako emakumeentzako laguntza-deialdi bereziak. Finantzagarriak izango dira, ordea, beste jarduera batzuk, zeintzuen xede nagusia emakumeen aurkako indarkeriaren biktimekiko esku-hartze soziala baita.
b) Erakunde eskatzailea hobetzea, soilik edo nagusiki erakunde eskatzaileari zuzendutako jardueren bitartez; hala nola, bere langileen prestakuntzaren bitartez, edo erakundeen kudeaketari eta ildo estrategikoei buruzko hausnarketa-prozesuen bitartez.
4.– Era berean, baztertuta geratzen dira nagusiki beste sektore-eremu batzuetara bideratzen direnak, hala nola osasunera, hezkuntzara, enplegura, kirolera, kulturara edo etxebizitzara.
2. oinarria.– Dirulaguntza lerroak.
1.– Deialdi honen barruan, dirulaguntza lerro hauek sartzen dira:
1. lerroa: Esku-hartze soziala pertsona, familia, talde eta komunitateekin.
2. lerroa: Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzea.
3. lerroa: Esku-hartze sozialari buruzko jakintza kudeaketa.
2.– Lehenengo lerroan, pertsona, familia, talde eta komunitateekiko esku-hartze sozialeko jarduerak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzera eta babestera bideratutakoak.
3.– Bigarren lerroan, ekintza boluntarioa areagotzera eta esku-hartze sozialaren eremuan parte-hartze asoziatiboa garatzera bideratutako jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa.
4.– Hirugarren lerroan, esku-hartze sozialerako ezagutza erabilgarria ekoizteko eta eskuratzeko jarduerak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, hala nola prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak egin eta zabaltzea, dokumentazioarekin lotutako jarduerak edo ekitaldi teknikoak, hala nola ikastaroak eta mintegiak. Dirulaguntzen lerro honetan, esku-hartze sozialean parte hartzen duten beste eragile batzuei ezagutza zabaltzeko jarduerak finantzatu ahal izango dira.
Informazio gehiago Eusko Jaurlaritzaren web gunean. AGINDUA, 2025eko otsailaren 10ekoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bitartez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko 2025erako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia egiten baita.