Foru dekretu honen xedea da Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortzea eta arautzea.
Izaera eta helburuak.
1. Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko sareen arteko elkarrizketa zibilerako organo gisa, aholku organo formarekin eta helburu hauekin:
a) Elkarrekin definitzea hirugarren sektore sozialera zuzendutako politiken ildo nagusiak, baita hirugarren sektore sozialeko entitateen eta Foru Aldundiaren artean adostutako gainerako politika publikoak ere.
b) Sustatzea hirugarren sektore sozialaren lan eremuen inguruko hausnarketa partekatuak.
c) Bideratzea lurraldeko hirugarren sektore sozialeko entitateen eskaerak eta, horien bitartez, esku-hartze sozialaren hartzaile eta protagonista diren pertsona, familia, kolektibo eta komunitateenak; iritzia emateko eta politika publikoetan parte hartzeko aukera ematea.
2. Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaia elkarrizketarako eta lankidetzarako gune egonkorra da, noranzko bikoa eta operatiboa, eta, beraz, bertatik sortzen dira proiektuak eta lankidetzako beste ekimen batzuk.
3. Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaia atxikitzen zaio Gipuzkoako Foru Aldundian gizarte zerbitzuetako eskumena duen departamentuari, administrazio kudeaketaren ondorioetarako, eta departamentu horretako titularrak izendatzen duen zuzendaritzari dagokio funtzionatzeko behar duen laguntza ematea.
11/2023 Foru Dekretua, ekainaren 13koa, Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortzen eta arautzen duena.