Zer da Boluntariotza?

Zure denbora eta esperientzia lan solidario baten eskura jartzen badituzu, libreki eta musu-truk egiten baduzu, eta gizartea eraldatu eta mundu hobea eraikitzeko beste pertsona batzuekin elkartzen bazara, zeu zara boluntario.
Ez dago mugarik; edozein gizarte-eremutan parte hartzeko gogoa besterik ez da behar, hala nola, kultura-arloan, bazterkeriaren kontrako borrokan, ingurumen-gaietan, giza eskubideen eremuan, garapenerako lankidetzan, kirol-jardueretan, urritasun-gaietan, berdintasun-gaietan edo etorkinei zein adinduei buruzko gaietan, besteak beste.
Elkartasun konprometitua eta antolatua da boluntariotza; hiritarrek gizarte-aurrerapenaren alde duten ekimenaren adierazpen kualifikatua da; azken buruan, errealitatea aldatzeko eskubidea egikaritzeko tresna da.
(Iturria: Bolunta)

Nor izan daiteke boluntario

Boluntarioa bere denbora, ezagutza,  esperientzia eta lan solidarioa, doan, besteen alde eskaintzen dituen pertsona da. Gizartea eraldatzea du helburu, eta bere lana mundu hobea sortzeko lagungarria dela konbentzitua dago.

Boluntarioa libreki eta bere ekimenez gizartearen onurarako ekintzak, eskuzabaltasunez egitera konprometitzen da, horretarako, irabazi asmorik gabeko entitate solidarioren baten parte hartuko du.

Edozein pertsona izan daiteke boluntario. Denok dugu zer eskaini, gure ahalmenen, gure motibazioen eta  egoera pertsonalaren arabera. Beti aurkituko dugu gure leku eta zeregina.

Zer da lan boluntarioa

Lana da; beraz, dedikazioa eta esfortzua eskatzen ditu. Libreki hartutako aukera pertsonala da, baina gure parte hartzea bideratzeko  irabazi asmorik gabeko erakunde batekin konpromiso egonkorra behar da. Boluntarioak doan hartuko du parte, beti ere, beste pertsonen eta orokorrean gizartearen alde.

Boluntario izateko bete beharrak

Parte hartu nahi izatea. Denbora izatea. Besteekin eta besteentzat lan egiteko, konpartitzeko, ikasteko prest egotea. Hartzen den konpromisoari egonkortasuna ematea.

Pertsonek boluntario izateko arrazoi asko izan ditzakete. Motibazio politiko edo erlijiosoetatik hasi, eta gure inguruneko arazo zehatzak konpontzeko borrokaraino; baina  baita esperientzia berrien bila edo bere denbora betetzeko era ezberdinen bila ibiltzea ere. 
Dena den, hasierako arrazoiak baino garrantzitsuagoa da motibazio horien garapena, pertsonak solidaritate eta doakotasun jarrera errealetarako bilakaera izatea.

Parte hartzeko dugun gogoa moteltzen duten beldurrak ere izan ohi dira: gure esfortzuak ezertarako balio ez duela pentsatzea; administrazioari dagozkion lanak egiteko bakarrik balio duela; lanpostuak kentzen ditugula; horretarako adinik ez izatea, zaharregia edo gazteegia izatea pentsatzea; boluntariotzan esperientziarik ez izatea;  balioko duen jakitea, eskaintzeko ezer ez izatearen ustea. Ulergarriak badira ere, funtsik gabeak dira.

Norberari boluntario izan daitekeela erakusteko modurik onena proba egitea da. Denbora apur bat eta motibazio txiki bat baduzu, ausartu beharra dago; zure nahiei ondoen egokitzen zaion edo gustukoen duzun erakundea aurkitzea besterik ez duzu.

Elkarteak, bertan parte hartzeko interesa duen pertsonei irekiak daude, eta programa ugari dituzte aukera zabala eskainiz. Gaur egun dagoen erakunde, elkarte eta GKEn aniztasunak, zalantzarik gabe, leku egokia aurkitzea erraztuko dizu.

Azken finean, adinak zein prestakuntza akademikoak ez du axola, ezta aurreko esperientziak ere; garrantzitsuena parte hartzeko gogoa izatea eta gure denbora, ahalmen eta ilusioen parte bat, beste pertsona batzuen eta gizartearen zerbitzura jartzeko prest egotea da.

Boluntariotza sostengatzen duten balioak

Solidaritatea

Inguruan dugun errealitatearekiko, arazoekiko, injustiziekiko sentikorrak izatea da, geurekoikerietatik irten eta besteen alde jarduteko gai izatea. Gure bizitzako arlo guztietan, eta eguneko edozein unetan praktikan jar dezakegun balioa da. Solidaritatea jarrera pertsonala da, bizitzeko estiloa da. Estilo horren ezaugarriak dira: beste pertsonak errespetatzea, entzutea, ulertzea, posizionatu  eta laguntzea.

Parte-hartzea

Gizartean parte hartzeko eremu asko dago: familia eta lagun artea, lana, gure botoa, gure kontsumoa, gure zergak, gure aisialdia… Eta parte hartzen dugun bakoitzean etorkizuna baldintzatzen ari gara; gizarte-mota baten ala beste baten aldeko apustua egiten dugu. Boluntariotza, parte hartzeko aukera zeharo ezberdina  da, konpromisoa dakarrelako eta gizartea eraldatzeko helburu argia duelako. Herritar guztiok gure gizartearen bizitzan parte hartzeko eskubidea dugu, bai gizarteaz gozatzeko, bai erabakiak hartzeko, baita gizarteak dituen arazoetarako irtenbideak bilatu eta garatzeko ere.

Erakundea

Boluntariotza eta erakunde edo elkartea, banatu ezin daitezkeen kontzeptuak dira. Eraginkortasuna bermatzen duen bakarra erakunde baten barruan lan egitea da, gizartean dugun posizioa sendotzen duelako, eta kontrastatzeko, ekintzei jarraitasuna emateko eta zereginak konpartitzeko aukera ematen duelako. Gainera, indibidualismoaren aurrean, komunitarioa denaren aldeko apustua egiten da, hazteko eta guztiona den gizartea denon artean eraldatzeko.

Doakotasuna

Doakotasuna, ekintza boluntarioaren oinarria da. Boluntarioek, definizioz, oinarriz, ez dute interesen arabera jarduten. Boluntarioek ez dute beraientzat irabazi ekonomiko edo materialik bilatzen; aldiz, gizartearen onura lortzen lagundu nahi dute, denon ongian oinarrituriko helburuak lortzeko.

Cookie-ak testu artxibo txikiak dira, zure ordenagailuan deskargatzen direnak webgune batera sartzen zarenean, web gunearekin interaktibitatea errazteko. más información

The cookie settings on this website are set to "allow cookies" to give you the best browsing experience possible. If you continue to use this website without changing your cookie settings or you click "Accept" below then you are consenting to this.

Close