< ver el resto de entrevistas

Ekonomia ikasketak egin ditut eta karreran nengoela gizarte gaiekin harremana zuten zenbait ikasgai aukeratu nituen. Orduan sortu zitzaidan boluntario izateko grina eta aukerak bilatzen ari nintzela internetera jo eta Gizalde topatu nuen. Oiartzungo autobusa Gizalderen egoitza paretik ateratzen zen eta egun batean, bi aldiz pentsatu gabe, Gizaldera sartu eta Mirenekin solasalditxo bat izan nuen. Nire interesengatik eta aisialdiagatik galdetu zidan eta hainbat aukerei buruzko informazioa luzatu zidan. Hura izan zen hazia eta ordutik hona askotan gurutzatu dira gure bideak, elkarlanean aritu gara eta gaur egun Sareginez boluntario sarean ere elkarrekin gaude.

Nire ustez jende askok badu interes edo egonezin hori, baina ez daki nola bideratu eta Gizaldek nahi horiek errealitatera eramaten laguntzen du. Gainera, elkarteak koordinatzeko eta saretzeko ere pieza garrantzitsua da.

Orain, Nagusilanen egiten dut lan eta egunero ikusten dut boluntarioen lanak duen garrantzia. Ikaragarria da duten inplikazio eta konpromiso maila eta hobe zaindu beharko genituzke boluntarioak; beraien lana balioan jarri eta berotasuna jaso beharko lukete administraziotik zein gizartetik.

 
Partekatu / Comparte